Hainbat kontu eta 2011ko urtarrilaren 15eko irteera

Aspaldian idatzi gabe eta bazen garaia… Artxipielagoak dagoeneko 20 irla dauzka. Poliki-poliki, ahoz ahoz zabaltzen ari da ekimena. Esanguratsua da oso; alde batetik, transmisio hori egiten dutenak, beste bati esatean, modu batean edo bestean, pozik daudela adierazten ari direlako. Bestaldetik, bertan gaudenon beharra geurea bakarrik ez delako, familia gehiagorena baizik (Hau, hala ere, ez da batere pozgarria).

Idatzi gabe eman dudan epe honetan beste gauza batzuk gertatu dira. Beharbada, harrigarriena iniziatibak komunikabideetan izan duen ohiartzuna. Egiatan ez nuen hau espero. Ados, ez da gauza handia baina komunikabideetatik urrun bizi garenontzat… gehiegitxo. Hasiera-hasieran, Hala Bedi irratiko Jon Aranburuk  deitu zigun Zebra Bidea saiotik nire lehen gutun hartaz galdezka. Egunotan ere, Euskadi Irratiko Mezulariatik ere deitu zuten. Gabonak aldera Argia aldizkariko Onintza Iruretaren deia jaso genuen. Erreportaia idatzi nahi zuela. Eta idatzi ere idatzi egin du. Nahi duenak,  http://www.argia.com/argia-astekaria/2260/gasteizko-haurrak/osoa . Artikulua zela eta, Hala Beditik berriz ere deitu ziguten jarraipena egiteko. Eskerrik asko guztiei baina bereziki Jon Aranburu eta Onintza Iruretari gaiari eman dioten tratamenduagatik eta erakutsi duten interesagatik. Eta hilaren 22ko Noticias de Alava egunkarian gure blogari egiten diote erreferentzia. Mila esker hauei ere.

Zurrunbilo honetan, beste ideia bat gauzatu da. Gasteizen beren zerbitzua euskaraz ematen duten enpresen zerrenda eratzea. zuzeu.com -en argitaratu nuen artikulua eta jendea joan da zerbitzuak gehitzen. http://zuzeu.com/2011/01/12/non-daude-gasteizen-euren-zerbitzua-euskaraz-ematen-duten-enpresakr/ Badakit, www.berria.info web gunean estekak astebete edo eman duela. Baita www.gasteizen.com albistegi jaio berrian ere. Berriro eskerrak eman beharko ditut. Eskerrik asko.  Dena den, atalez aldatzen bazara, blog honetan bertan izango dituzu zerrenda osoa eta mapa eguneraturik. Zuk ezagutzen duzun hori ez badago, idatzi eta erantsiko dugu!

Azken sarreran helburu berriak aipatzen ziren eta dagoeneko gauzatu dira: zerbitzuen zerrenda eta urtarrilaren 15ean egin genuen irteera.  Zikujano herrian guraso batzuek daukaten soro batean zuhaitzak landatu genituen. Gainera, intxaurrak, ezkurrak, hurrak eta gaztainak erein genituen. Udaberriak ikusiko dugu gure lanaren emaitza…  Dena dela, egun zoragarria izan genuen eta denok primeran pasa genuen. Tira, batek eroriko bat izan zuen eta orkatila bihurritu zuen… ea hurrengorako osatzen zaren…

Musituko herrikoek euren elkartea utzi ziguten eta mendian izan ondoren, bazkaltzera joan ginen herri polit honetara. Merezi du ikustea, oso leku berezian dago kokatuta eta Gasteiztik  gertu. Bertan bazkaldu eta arratsaldean jolasean ibili ginen denok batera, gurasoak eta umeak.

Egia esateko, kuadrilla ederra bildu ginen bazkaltzeko, 13 familia. Baten bat berria zen. Ongi etorri! Ematen du taldea egonkortzen ari dela eta guztiok batera egotea askotan ezinezkoa izan arren.

Hurrengo irteera otsailaren 12an izango da eta honen berri emango dugu une honetan zehazteke baitugu. Honek ez du kentzen lehenago biltzeko beste edozer gauza egiteko, noski.

Horrelako taldekideekin gauza politak egitea oso erraza da, ezta?

Zoriontsuak izan!

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Erantzun bat Hainbat kontu eta 2011ko urtarrilaren 15eko irteera-ri

  1. egilea: Vega & Edu

    Kaixo denei,

    duela urtetebe ingurutik Salburuan bizi garen hirukotea gara: 2 urte eta erdiko mutikoa eta aita-amak. Aurrekoan, ARGIAn atera zen artikulua zela eta, zuen ekimenaren berri izan genuen eta ideia polita iruditu zitzaigun. Areago, biharamunean, umea eskolara eramatean, beste aita bati utzi genion aldizkaria artikulua irakurtzeko. Printzipioz, gaur goizean bertan eskolan horretaz aritu gara eta, haiek eta guk agertu nahi genuke hurrengo hitzordura, otsailaren 12an.

    Oraingoz ez dugu beste inorekin hitz egin, baina gure umearen eskolan bertan, esaterako, hainbat familia euskaldun daude. Hortaz, nahi izanez gero, geuk ere jar genezake abian ahoz ahokoa ea jende gehiago animatzen den.

    Eskerrik asko horrelako ekimen polita konpartitu nahi izateagatik eta, okerrik ezean, laster arte!
    Vega & Edu

Erantzunak itxita daude.