IBERNALON GURASOAK ETA SEME-ALABAK DANTZAN

Eguna zoragarria izan zen. Goizean, Gasteizen euria gogotik. Gure esperantza bakarra Azazeta mendatearen mugan zegoen: agian bestaldean oskarbi egongo da… Oskarbi ez, baina sikiera ez zuen euririk ari.

Hitzordua 11:30erako genuen eta pixkanaka-pixkanaka familiak azaldu ziren; orotara, 16. Helburua, dakizuenez, euskaraz diren jolasak eta kantak ikastea. Urtxintxako Jaime Altuna bera etorri zen irakasle eta benetan esperientzia ederra goiz hartakoa. Ibernalo osoa jarri zen dantzan eta saltoka.Gurasook eta umeak erabat sartu ginen dinamikan eta primeran pasatu genuen.

Ikastarotxo hau guztiz gomendatuko nioke seme-alabekin jolasteko gogoa duen edozein gurasori. Jakina, taldeka egitea, edozein kasutan, aberasgarria da oso; baina bereziki partaideek elkar ezaguten ez badute. Taldea mamitzeaz gain, halako ekintza ludikoek lotsa guztiak desagerrarazten baitituzte. Izan ere, ez dugu ahaztu behar AMAHIZKUNTZA ekimenean parte hartzen dugun gehienok ez genuela elkar ezagutzen. Agian, batzuek aspaldiko ezagunekin berriro topo egiteko aukera izan dute, edo parte hartzen ari zen lagun batek animatuta azaldu da beste familia bat… Baina taldea oraindik eratzen ari da. Azken finean, azaroaren 6an bildu ginen lehendabizikoz eta soilik 5 aldiz izan gara elkarrekin. Bagoaz… astiro baina bagoaz.

Ibernalon bertan egin genituen bazkaria eta bazkalostea. Kide batek idatzi zuen bezala, guztiz emankorrak. Egunaren balorazioa egin ondoren, partaideok eramandako proposamenak aztertu genituen; besteak beste, baratze ekologikoa egitea. Bai, baratzea. Familia batek lurra eskaini du ortua jartzeko eta AMAHIZKUNTZAko 5 familia animatu dira. Helburua, noski, ez da sekulako ekoizpena lortzea; baizik eta umeekin arlo hau jorratzea, haiek jakitea lurraren prozesua zein eta nolakoa den. Ados, zer edo zer ateratzen badugu (eta aterako dugu), bazkaritxoren bat edo egingo da…

Bestaldetik, Pasai Antxon guraso euskaldunak biltzen hasi dira eta haiekin egun pasa egitekotan gaude. Oraindik ez dugu ezer zehatzik baina udaberriaren etorrerarekin espero dugu pasaitarrak ezagutzea. Benetan funtsezkoa iruditzen zaigu antzekoak diren ekimenen arteko komunikazioa lantzea; hauxe baita elkarrengandik ikasteko bide bakarra. Eta badago zer ikasi!

Gainera, biak ala biak dira behetik jaiotako proiektuak; hau da, ez dituzte erakundeek sortu baizik eta gurasoon beharrek. Geure buruei eta gure txikiei ama hizkuntzan bizitzeko aukera emateko beharretatik hain zuzen. Honek egundoko indarra ematen dio halako ekimen bati eta jendearen inplikazioa oso bestelakoa da. Ea Euskal Herriko beste toki batzuetan halako gehiago sortzen diren… zoritxarrez beharra badago eta.

Otsailaren 12koa ere pasatu da eta martxoaren 13ren zain gaude sagardotegira joateko.

Konturatu gabe, hilabeteak aurrera doazen heinean, esperientziak  pilatzen ari gara eta gero eta jende gehiago gaude gure seme-alaben musikaren doinuak agintzen duen erritmoan dantzan. Batzuek diote txikien etorrerak geldiarazten zaituela. Argi dago hau ez dela gure kasua, ez horixe! Inoiz baino gogotsuago gaude.

Ongi bizi!

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Erantzun bat IBERNALON GURASOAK ETA SEME-ALABAK DANTZAN-ri

  1. Pingback: UDABERRIA HELDU DA AMAHIZKUNTZARA! | amahizkuntzagasteiz

Erantzunak itxita daude.