UDABERRIA HELDU DA AMAHIZKUNTZARA!

Udaberria gugera heldu da eta bizi-bizi ari gara planak egiten eta gauzatzen.

Natura esnatu eta gu baratzean lanean hasiak gara! Lurra garbitu, jorratu… eta dagoeneko, lehen barazkiak jarrita ditugu: patatak, letxugak, tipulak, zerbak, ilarrak…  Honetan laguntzaile ezin hobeak izan ditugu: gure seme-alabak. Ilusio handiz ari gara ea zer edo zer hartzen dugun… Bestela pasatutako une polit horiekin geratuko gara… ez da gutxi!

APIRILEKO EKINTZA bertan dugu izan dugu. Hilaren 9an, eguraldia lagun, Armentiako basora joan ginen egun pasa egitera. Bertan bazkaldu eta jostatu. Ederki pasatu genuen. Familia berriak azaldu ziren… Gainera, hau aprobetxatu genuen maiatzekoa prestatzeko. Izan ere, maiatzekoa oso berezia izango da… Bisita jasoko dugu eta ez nolanahikoa.

Pasai Antxoko Guraso Euskaldunen bilgunekoak etorriko zaizkigu. Jende asko espero dugu MAIATZAREN 15ean eta lan handia dugu aurretik. Lana bai baina gogo izugarria haiek ezagutzeko eta haiekin ondo pasatzeko ere.

Beste sarrera batean aipatu nuen bezala, topaketa hau interesgarria izango dela uste dugu. Ikasteko aukera polita, besteak lanean nola ari diren ezagutzeko eta baliogarriak direnak gure funtzionamenduan txertatzeko.

Biok, gure seme-alabak euskaraz bizitzeko helburuarekin sortu diren guraso ekimenak izan arren, sortze prozesuak oso ezberdinak izan ditugu. Batzuek, haiek, ikastetxe batean izan dute sorburua; nahiz eta Antxo osorako lanean aritu. Besteak, gu, deialdi publiko batetik sortuak eta Gasteiz osora zabalik.

Plana ia-ia zehaztuta dugu: goizean herri kirol txapelketa izango dugu pasaikoak eta gasteizkoak nahastuta. Eguerdian, herri bazkaria egingo dugu eta arratsaldean jolasak. Oraindik hainbat gauza zehaztu gabe daude eta hauen berri aurrerago emango dugu, lotuta dauzkagunean.

Tartean, KORRIKA17 etorriko da Gasteizera eta horretara ere joango gara. Apirilaren 14an hemen izango dugu eta korrika egitera aterako gara. KORRIKAk antolatuta, martxoaren 26an, Trebiñun herri kirol erakustaldia izan zen eta bertara joan ginen arratsaldea pasatzera. Arabarrak hainbat kirolatan aritu ziren eta Perurenatarrak harriak jasotzen. Oso saio polita izan zen.

Mementoz hau izan da guztia… Gozatu bada udaberriaz!

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.