MILA ESKER ETORTZEAGATIK!

Maiatzaren 15a ez da erraz ahaztuko; ez gurean ez Antxokoenean. Izan ere, elkar ezagutu genuen eguna izan zen eta garai berri baten ataria.

Heldu eta segituan jarri ginen herri kirol probak egiten. Lokotsak, zaku lasterketa, txingak, trontza, harria eta sokatira. Emakumeak, gizonak, neskak eta mutilak nahasian proba bakoitzean. Pasaitarrak eta gasteiztarrak elkarrekin, talde berean. Irabazle BELTZAK suertatu ziren baina sariak denontzat: guztiontzat Bittori Arrietak, Albenizko okinak, ogiz prestatu zigun txapel ederra (istriputxo bat izan genuen eta apurtu zitzaigun baina berdin-berdin gozatu genuen txapela). Gainera, gure taldekide bati esker EUSKALTELek ume guztientzako sari bana eman zigun. Pasaiakoek euren blogean dagoeneko argazki batzuk sartu dituzte. Eskerrik asko!

Batzuek kirola egiten zuten bitartean, ikusleek aukera izan zuten BOILURrekoek prestatutako pintxoak dastatzeko. Gozo-gozoak! Hauek hasiera baino ez ziren izan… gero sekuuuulako paellak prestatu baitzituzten! Eskerrik asko gurera etortzeagatik, plazer handia izan zen eta ez bakarrik sabelerako!

Bazkalostean, jolasak, Rambo astoa ikustera eginiko txangoa eta elkar ezagutu eta elkarrengandik ikasi.

Guretzat proba handia zen topaketa hau. Gauza asko ziren lotzeko eta jende asko koordinatzeko. Ia-ia 100 lagun. AMAHIZKUNTZAN oso pozik gaude emaitzarekin denok gozatu baikenuen. Gainera, talde dinamika indartzeko benetan baliogarria suertatu zaigu topaketa honen prestakuntza. Lan-talde ederra!

Hausnarketarako mementoak ere izan genituen. Zoritxarrez, Pasaian ere guk ditugun arazo berberak dauzkate. Kalean zaila da euskaraz bizitzea, euskararen erabilera parkeetan eta jolas-guneetan oso eskasa da eta gure seme-alabengan eragina zuzena du honek. Beharbada haienean ez hainbeste, baina gurean ume euskaldunak “arraroak” dira halakoetan.

Bestaldetik, D ereduan matrikulaturik izan arren, gure umeek espainiera dakarte etxera. Are gehiago, lagun batek dioen bezala, D eredua da erdara ikasteko lekurik onena. Horrela gertatu zaie gure seme-alabei; eskolara euskaldun joan ziren eta, jadanik, jolasteko hizkuntza espainiera da haur euskaldun askorentzat: zer ikusi, hura ikasi. Euren munduan erdera nagusitzen ari da. Nola eman honi buelta familian?

AMAHIZKUNTZA ekimena kezka hauei erantzuna emateko sortu zen eta behintzat gure txikiek jolasteko gune erabat euskaldun bat izan badute. Denborak esango digu zuzen edo oker gauden…

Arratsaldeko 6ak segituan heldu ziren eta gure bisitariak martxan jarri ziren.

Familia argazkia, muxuak eta Antxora egingo dugun bisitaren ilusioa geratu ziren guregan.

Mila esker hau posible egin duzuen guztioi.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.