Ia urtebete pasatu da azken bidalketatik baina… bizirik gaude!

Orain bai hasi beharko dudala ASPALDIKO! esanez… Ia urtebete pasatu da azken bidalketatik eta ziur aski askok pentsatu duzue AMAHIZKUNTZA desagertua dela. Bada, mementoz ez!

Azalpenaren bat eman beharko diot artean gure blogean sartzen zen jendeari, ezta? Bueno, bizitzak berak agintzen du eta batzuetan lehentasunak aldarazten dizkigu. Badakizue, apetatsua izaten da.

Gogoan dut, blogaren hasieran ama izateak ekarritako interesak, beharrak…  aipatzen nituela eta hauek akuilua izan zirela hau guztia martxan jartzeko. Bestelako aldaketek behartu naute, hilabeteotan, AMAHIZKUNTZA  albo batera uztera eta indarra beste nonbaiten jartzera.

Zorionez, neu ez naiz bakarra zera honetan eta besteak, gehiago edo gutxiago, hor izan dira hau ez hiltzearren. Mila esker hor izan zareten guztioi.  Otsaila aldean hasi ginen berriz ere biltzen. Lehen saiakera Santa Ageda bezpera izan zen baina egin zuen eguraldiarekin…

Hurrengoa, Inauterietan heldu zen eta orduan bai, orduan jende asko elkartu ginen bazkaltzeko eta arratsalde pasa egiteko. Polita izan zen berriro biltzea, denak mozorroturik… sekulako giroa egon zen!

Martxoan, iaz bezala, ITURRIETA SAGARDOTEGIRA joan ginen. Honetan, eguraldia lagun izan genuen eta bertan egun zoragarriaz gozatu genuen. Pixkanaka-pixkanaka jendea animatzen hasi da gauzak egitera ta ez dakizue zer pozgarria den ilusio hori  berriro antzematea…

Apirilerako programaturik geneukan iaz landatutako zuhaitzak ikustera joateko eta mendian eguna pasatzeko. Baina… apirilaren 21erako, Gasteizen, antolatuta zegoen EUSKARAZ BIZITZERA GOAZ jai eguna eta bertan gelditzea erabaki genuen. Honetara ere, aspaldiko jendea hurbildu zen eta berrekite honi beste bultzadatxo bat eman genion.

Orain, maiatzakoarekin gaude bueltaka eta honen berri ere emango dizuet. Bai, urtebete pasa baino lehen.

Mila esker hor izateagatik eta … izango gara!

 

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.