Azaroaren 27a igarota, helburu berriak

Azaroaren 27a heldu zen eta horrekin batera lau familia berri gerturatu ziren. Memento honetan hauxek dira ditugun datuak:

•    Haurren adinari erreparatuta, urtebete eta 14 urte arteko umeak/ gazteak daude.

HAURREN ADINAK                               HAUR KOPURUA
1                                                                         2
2                                                                        3
3                                                                        6
4                                                                        7
5                                                                        0
6                                                                        3
7                                                                        0
8                                                                        1
9                                                                        1

12                                                                      1

14                                                                      1

•    Auzoei dagokienez, hementxe duzue gure mapa eguneraturik: <http://maps.google.es/maps/ms?hl=eu&gl=es&ptab=2&ie=UTF8&oe=UTF8&msa=0&msid=107960830960744582308.000494736a36001cc927a&ll=42.85728,-2.674656&spn=0.028124,0.060596&z=14>

Bestalde, hurrengo pausuak zehaztu genituen. Alde batetik, blogean Gasteizen euren zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresak, dendak, kontsultak,… argitaratuko ditugu. Honetarako guk geuk ezagutzen ditugunak azalduko dira eta zuri, irakurle, laguntza eskatzen dizugu. Gasteizen bere zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituen negozioa ezagutzen baduzu, idatzi! Gasteizko euskaldunek eskertuko dizute-eta!

Bestaldetik hurrengo ekintza zehaztu dugu: urtarrilaren erdialdean, familia baten soro batean zuhaitzak landatzera eta ereitera joango gara. Ez da plan txarra,e!

Urtarrileko asteburu hori heldu bitartean,  sortzen diren euskarazko aukerez gozatuko dugu. Gaur bertan, Gasteizko Herri Krossera lau familia hurbildu gara, eta baita parte hartu ere!

Eguberriei begira, jarraian aurkituko dituzue udalaren  ume eta gazteentzako ekintzen egitaraua. Oso-osorik ez dago, baina gehiena bai. Beharbada, udalaren web gunean informazio gehiago aurkituko duzue.

1. GASTEIZKO HAUR IKUSKIZUNEN VII. ERAKUSTALDIA (Mendizorrotzan izango dira; haurrentzako sarrerak 3 eurotan ta familia osokoarentzakoak 9 eurotan lau sarrera) Sarrerak el corte inglesen salgai www.elcorteingles.es  telefonoz 902 400 222 edota bertara junda.

* ABENDUAK 30, OSTEGUNA 16:30 ETA 19:30. POXPOLO TA KONPAINIA PAILAZOAK    “segi jotzen!”  65minutukoa

* URTARRILAK 2, IGANDEA 19:30 KONTZERTUA AHOTSAK GAZTE (OH HAPPY DAY ETB-N) +BIGIRA  90 minutukoa

2.  HEGOALDE GIZARTE ETXEAN abenduaren 23tik urtarrilaren 5era. sarrerek balio dute hurrengo ekintza guztietarako. A, ikuskizunetan sar daiteke aretoa betetzen ez den bitartean. goizez 2 eurokoak eta atsaldez 2,5.

* Ekintza ezberdinak izango dira adin guztietako umeentzat.
* Honetaz gain, hurrengo emanaldiak:
o Abenduak 23, 18:00 “Baleak salba ditzagun” txontxongiloak (antzokian)
o Abenduak 24an. “Goazen itsasora!”12:30ean ipuin kontalaria Iker Diaz (elkartze aretoan)
o Abenduak 26an, “Teleipuina” 12:30ean txontxongiloak (elkartze aretoan)
o Abenduak 27, “Bazen behin zirkoa” zirkua 18:00 (antzokian)
o Abenduak 28, “Irriparra barra barra” 18:00 (antzokian)
o Abenduak 29, “Kutxo eta Pepa” 12:30ean mimo-clown  (elkartze aretoan)
o Abenduak 29, “Pon eta Pa” zirkua 18:00  (antzokian)
o Abenduak 30, “Bidaia magikoa  munduan zehar” 12:30ean magia  (elkartze aretoan)
o Abenduak 31, “Herrialde urdina” 12:30ean txontxongiloak (elkartze aretoan)
o Urtarrilak 2, “Txuri-beltz” 12:30ean   giñola  (elkartze aretoan)
o Urtarrilak 3, “Magia potagia” 18:00  (antzokian)
o Urtarrilak 4, “Birziklapenaren magia” 12:30ean magia  (elkartze aretoan)
o  Urtarrilak 4, “Zirkua ezagutuz” 18:00 zirkuaz  (antzokian)
o Urtarrilak 5, “Zorionak” 12:30ean pailazoak monda&lironda  (elkartze aretoan)

3. TXONTXONGILOAK GIZARTE-ETXEETAN
* Abenduak 27,”Harritxu maritxu” 18:00etan ARANEKO GIZARTE-ETXEAN (3 urtetik aurrera)
* Abenduak 28,”Oskoleko mina” 18:00etan IPARRALDEN (3 urtetik aurrera)
* Abenduak 30, “Harriz harri” 11:30 eta 12:30 IBAIONDON (2-5 urtekoentzat)
* Urtarrilak 2, “Artea” 18:00 LAKUA-SANSOMENDIN (5 urtetik)
* Urtarrilak 4, “Azken portua” 18:00 ARIZNABARRAN (4 urtetik gorakoentzat)

Espero dut lagungarria izatea! Dena den, norbait hau guztia osatzeko moduan badago, aurrera! Idatz dezala!

Bukatzeko, beste gonbidapen bat. Azken bilkura egin genuenetik, beste bi familia hurbildu zaizkugu  gurekin aritzeko. Nahi duenak, jar dezala gurekin harremanetan!

Mila esker honen jarraitzaileei! Ongi bizi!

Erantzunak desaktibatuta daude Azaroaren 27a igarota, helburu berriak sarreran

BIGARREN DEIALDIA AZAROAREN 27an, Aranbizkarra auzoan

Hurrengo hitzorduak dagoeneko baditu data eta lekua.Azaroaren 27an, arratsaldeko 16:30ean, Amaia Zentroan (Aranbizkarra auzoan). Oraingoan, helburuak bikoitzak dira. Alde batetik, bildu ginenok (bai haurrak, bai helduak) elkar ezagutzea eta gure lehen pausuak zeintzuk izango diren zehaztea; zer nolako ekintzak antolatuko ditugun, funtzionamendua…. Eta, bestaldetik, jende berria geureganatzea. Helburu hau gauzatze aldera, deialdi hau ere, irekia izango da; hortaz, irakurle, gure premia bera duen familiaren bat ezagutzen baduzu, esaiozu. Ea pixkanaka-pixkana osatzen dugun gure artxipielago euskalduna…

Lehen aipatu dudan bezala, aukeratutako lekua AMAIA ZENTROA da. Puntu honetara helduta, eskerrak eman behar dizkiegu bertako ardunadunei gure eskaerari baietza emateagatik. Egiatan, eskerrik asko!

Inork Amaia Zentroa non dagoen ez baleki, hementxe du mapa.

<http://maps.google.es/maps/ms?ie=UTF8&hl=eu&msa=0&msid=107960830960744582308.000494a4b417a9caa8d87&z=19>

Bada, besterik gabe, AZAROAREN 27an, arratsaldeko 16:30ean AMAIA ZENTROAN izango gara!

Bitartean, ondo bizi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Erantzuna 1

Gure lehen egunaren kronika

Atzoko eguna, azkenean, heldu zen eta benetan pozik nago. 13 familia bildu ginen gure umeei euskaraz bizitzeko aukera emateko asmoarekin. Jakin badakigu batzuk ezin izan zirela etorri; baina hurrengo bilkuraren zain daudela. Benetan pozgarria! Ederra izan zen 17 ume jolasean ikustea euskara hutsean, euren ama hizkuntzan, alegia.
Inork interesa balu, jarraian datuak aurkituko ditu.

•    Haurren adinari erreparatuta, urtebete eta 9 urte arteko umeak zeuden.

HAURREN ADINAK                               HAUR KOPURUA
1                                                                         1
2                                                                        3
3                                                                        4
4                                                                        5
5                                                                        0
6                                                                        2
7                                                                        0
8                                                                        1
9                                                                        1

•    Auzoei dagokienez, hementxe duzue gure mapa eguneraturik: <http://maps.google.es/maps/ms?hl=eu&gl=es&ptab=2&ie=UTF8&oe=UTF8&msa=0&msid=107960830960744582308.000494736a36001cc927a&ll=42.85728,-2.674656&spn=0.028124,0.060596&z=14>

Gure asmoa da azaroaren 27an berriz ere elkartzea. Lekua erabakitzen dugunean, honen berri emango dugu.

Pozten nau jakiteak hemendik aurrera singularraren lehen pertsona erabiltzeari utziko diodala, pluralaren lehendabizikora pasatzeko.

Bejondeigula!

Kategoriak Sailkatugabeak | Erantzuna 1

Kaixo mundua!

GURE SEME-ALABEI GASTEIZEN EUSKARAZ JOLASTEKO AUKERA OPARITU NAHI DIEGULAKO, BIL GAITEZEN AZAROAREN 6AN!

Orain dela 3 urte, alaba jaio zenean, ezin genuen imajinatu sozializazioa hain zaila izango zenik, inondik ere. Ez, gure alabak ez du arazorik ez komunikatzeko, ez jolasteko… gure alaba euskaldun elebakarra da. Beste lekuetan ez dakit, baina Gasteiz batean, honek  sozializazio prozesua konplikatu dezake ume euskaldunik ezagutzen ez baduzu. Norekin jolastuko da umea inguruan inor(k) ulertzen ez badu? Guk zorte handia izan dugu eta auzoan bi haur euskaldun topatu genituen jolastokian. Amok telefono zenbakiak trukatu, eta harrezkeroztik hor gabiltza gure arratsalde, goiz edo egun pasak egiten.
Alaba ikastolan hasi berria da, D ereduan hain zuzen, eta gure zorterako gela berean beste bi ume euskaldun daude. Besteen esperientziekin alderatuta, pagotxa gurea! Irakasleaz gain, alaba beste norbaitekin komunikatu ahal izango da!
Eskolan ezagutu ditugun guraso euskaldunek gure kezka bera dute. Beraientzat ere, kalean, parkeetan… adin bereko ume euskaldunak ezagutzea oso zaila da.  Arratsaldeetan parkean jolasteko bada ere.
Eta neure buruari honako hau galdetu diot nik: zergatik ez bildu irla isolatu hauek artxipielago bat eratzeko? Hauxe da nire helburua.
Kontua da Gasteizen irla euskaldun asko garela. Bil gaitezen gure umeek euren ama hizkuntzan jolasteko aukera izan dezaten. Osa dezagun artxipielago euskalduna!
Lehendabiziko asmoa eta urratsa gure ekimena ahoz aho zabaltzea da eta horregatik jo dut zuengana. Zuk irakurle, agian ez duzu hau behar; baina behar hori daukan baten bat ezagutzen baduzu, esaiozu, zabaldu zure inguruan.
AZAROAREN 6AN, ARRATSALDEKO 5ETAN GAZTETXE PAREAN DAGOEN PARKETXOAN. Beharbada, bertaratu nahi duen guztia ezin izango da joan. Lasai, lehen egun honetarako eginkizuna  geure artean antolatzea da; bai auzoka, bai ordutegika, bai adinka … eta sare bat eratzea. Hau aurrera eraman ahal izateko helbide elektroniko bat sortu dut : amahizkuntza@gmail.com
Egia esateko, honek guztiak beldurtzen nau. Eta inor agertzen ez bada? Ba, irlen bizimodua gustuko dugula esan nahiko du… Tira, gu bertan izango gara eta beste bizpahiru familia gutxienez ere… Beldur hori baino handiagoa delako etorkizunean eman beharko nukeen azalpenaren mamua. Nola esan alabari, berak giro euskalduna izateko ez nuela ezertxo ere egin?. Ez dakit berak barkatuko lidakeen; baina ziur naiz neuk neure buruari ezingo niokeela barkatu.
Geure umeei euskaraz bizitzeko aukera oparitu nahi diegulako, bil gaitezen azaroaren 6an!
Mila esker eta elkar ikusiko dugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Erantzunak desaktibatuta daude Kaixo mundua! sarreran